20 urte

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Irizar 2020ko abenduaren 13a

Barru-barrutik tokatu zitzaidan bizitzea Goiena Komunikazio Taldearen sorrera duela 20 urte. Nire ohiko lana bi urtez utzi, eta eskualdeko komunikabideen bateratze prozesuan murgildu nintzen, kezka handi bati ilusio are handiagoz helduta. Inoiz esan dut sekulako giza abentura izan zela niretzat hainbeste borondate bateratzeko prozesua. Eta asko estimatu izan diet orduko bidelagunei une erabakigarri hartan erakutsi zuten eskuzabaltasuna: bozketa bakar bat gabe, une oro adostasuna eraikiz egin genuen bi urteko bidaia.

Hogei urte geroago, Goiena garatuta dago, indartuta. Eta eredu bihurtu da puntu askotan: multimedia izaera, gobernantza partekatua, eskualdekako antolamendua, herri-ikuspegi sistemikoa, kudeaketa aurreratua... Sortzen ari ginela usaindu genuen bidearen berritasuna. Baita pentsatu ere kezka beretik abiatuta berehala etorriko zirela antzeko ekimenak beste eskualde batzuetan. Baina denbora behar izan da horretarako, eta orain ari dira gorpuzten han eta hemen. Zorionez gorpuztu ere, ze gure komunitatearen iraupena eta garapena ez dira posible komunikazio sistema propiorik gabe. Zorionak, Goiena, eta eutsi bideari!