Udaberriko etxeratzea gogorra izan zen. Ustekabean harrapatu gintuen pandemiak eta bat-batean erori ginen preso, komuneko papera, ogitarako legamia eta garagardoa pilatzeko asti justuarekin. Egoera berria zen, baina, oro har, ondo eraman genuen. Elkar zelatatzeko joera batzuk kenduta, etxean egoteak hurbilekoari begira jarri gintuen, komunitatea bistaratu zigun eta elkarren babesa indartu.
Bigarren olatu hau bestela dator. Oraindik ez gaude etxeratuta, baina datuen joera okerra ez da zuzentzen eta neurri gogorragoen iragarpena etengabea da. Eta dagoeneko nekatuta gaude, badaramagulako zortzi hilabete zama honekin; ilun gabiltza, negu sarrera delako eta arratsaldea moztu delako; uzkur, ez dugulako irtenbide garbirik ikusten, ez digutelako informazio zehatzik ematen eta konfiantzarik pizten. Eta, dena batera, petraltzen hasi gara 2020 malapartatu honetan gauza asko ari garelako galtzen, izan diru sarrerak, aukerak edo harreman afektiboak. Ez dugulako argirik ikusten, eta ganora ere, sobranterik ez.
Hala ere, ez dezagun etsi. Ekaitz betean gaude, baina ez da betirako. Aterako dugu berriro gure onena. Eutsi goiari!