Akats larriak azaleratu ditu luiziak zabortegiaren kudeaketa pribatuan. Eta gabezia nabarmenak kudeaketa horren zaintza publikoan. Gauza asko egin da gaizki Eitzagan eta, lehentasuna desagertuak aurkitzea izanik, ezinbestekoa da erantzuleak identifikatzea, bai penalak eta bai politikoak.
Hala ere, oraingoan iritsi gaitezen sakoneko arazora: ez dugu zaborren gaineko eztabaida ganorazkorik egin. Istilu galanta antolatu zen etxeko zaborra sailkatzea eta tarte jakinetan ateratzea ez zitzaigulako eroso egiten, edota poltsak kalean zintzilikatzea ez zelako estetikoa. Baina jarraitzen dugu behar baino askoz zabor gehiago sortzen, bereziki industrian. Eta dirutza ordaintzen dugu zabor hori bistatik kendu diezaguten, zaborra negozio bihurtzeraino. Zabor gutxi sortzea denon ardura da, eta sortzen dena kudeatzea erakunde publikoei dagokie, osasuna eta ingurumena helburu. Ea Zaldibarrek laguntzen digun gaiari serio heltzen.