Nik alderantziz pentsatzen dut. Sinetsita nago indar eraldatzailea gizartean dagoela, eta etengabe eutsi behar zaiola mugimenduari, mundu hobeagoa nahi dugunok ezin diogula ahalegintzeari utzi. Badakigu iraupenerako ezinbestekoa dela erritmo egokia hartzea; aldapa gora hasten denean arnasa estutu eta pausoa laburtu behar dela; eta, posible denean, mesedegarriago dela multzo handietan jardutea, talde txikietan edo bakarka baino.
Uste dut Espainiako politikan aukera bat sortu dugula, neurri handi batean, katalanek eta euskaldunok. Bestelako diskurtsoak hasi gara entzuten, keinuren bat edo beste ikusten. Premiak eragindako aldaketa, esango didazue. Bai noski! Hain zuzen, gure premia dutelako jarraitu behar dugu gure intereseko norabidean eragiten, aldaketak sakonagoak izan daitezen, eraldatzaileak eta iraunkorrak. Arriskuei adi, aukera baliatzea dagokigu.