Ez da kanpokoen inpresio hutsa, eskualdean ere badira kezka bera adierazten duten zantzuak. Horietan nagusiena da Debagoiena 2030 ekimena, eragile sozial, ekonomiko eta politiko asko lankidetzan jartzen ari den koalizio indartsua, etorkizuneko erronkei tokiko erantzun egokiena elkarrekin bilatzeko. Ez dut barrutik ezagutzen prozesua, baina txalotzekoa da lankidetzazko gobernantzaren marko berritzailea hobetsi izana, ekimena sortzeko eta garatzeko eragile eta interestalde guztien artean. Euskaldunok herri gisa etorkizun onik izango badugu, hori soilik gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena uztartuta lortuko dugu, bestela ez. Bejondeiola, beraz, ekimen berri honi.