Alderdien logika nagusitzen da hauteskundeetan: mitina, debatea, zalaparta, setakeria... Baina biharamunean berriro herrigintza dago zain, herritarron interes komuna eta horri erantzuteko aukera ezberdinak. Mundu aurreratuan lurralde gobernantza demokratikoa ari da bihurtzen gizarte garapenerako giltza, eta honek eskatzen du oraingo moldeetatik askoz harago joatea, lankidetza esparruak eraikitzea eta horietan eragile publiko, sozial eta pribatuak parez pare jartzea egoerak aztertzen eta estrategiak lantzen. Alkate batek pentsa lezake bere udalbatza dela udalerriko organo gorena; baina han soilik prozedura administratiboa burutzen da, herrigintzaren logika hori baino aberatsagoa da, zailagoa, anitzagoa, emankorragoa...
Debagoiena mundu aurreratuaren puntan dago, eta gizarte autoeraketan eredu da. Horregatik dagokio gobernantza demokratiko parekidean murgiltzea eta aitzindari izatea. Herritarrok eskertuko dugu.