Zalaparta nagusia Katalunia aldean ibili da, xingola horien kontua erabili dute unionistek beste aldea probokatzeko eta, tamalez, lortu dute politikaren tokia kale istiluek hartzea. Han eta hemen preso batzuk hurbildu dira, galdara horri presio apur bat kenduz.
Udazkena bero dator. Berriro Katalunia izango da erdigunea. Diadak asteon erakutsi du herritarrak ez daudela amore emateko. Urteurrenak eta epaiketak etorriko dira ondoren, tentsioa ez da baretuko. Gurean maiatzeko hauteskundeen eragina gero eta nabarmenagoa izango da, alderdiak saiatuko dira tokia hartzen eztabaida sozialean, eta konfrontazio giroa areagotu egingo da.
Badut itxaropena Euskaraldiak babestuko duela euskara –neurri batean, behintzat– liskar horietatik. Eta Eusko Ikaskuntzaren udazkeneko kongresu sortak balioko duela epe luzeko zoru komunak lantzeko. Legebiltzarreko estatus berriak emango duena, ikusteko dago.