Udaltopek jarraitzen du jardunaldi tekniko bat izaten, baina erakustoki aparta ere bada, plaza irekia, topagune atsegina, ezinbesteko erreferentzia euskara biziberritzen –nola edo hala– ari garenontzat. Gauzak egiteko estilo sendo eta berritzailea landu du, esparru zabalagoko jendea erakarri, eta babes instituzionalik zabalena lortu. Aurten Euskaraldia izan da aztergai nagusia, ekimena arrakastatsua izan dadin hainbat lanketa eta tresna aurkeztu dira. Tartean bazen debagoiendarrik ere: Bergarako Aranzadi ikastola udalarekin batera; eta Fagor Ederlan, Emun aholkularitzak lagunduta.
Biziberritze prozesua azkartuko bada ezinbestekoak ditugu Udaltop-en ikusitakoak: jakin-mina eta ikerketa, praktika onen trukaketa, lankidetza publikosoziala, berrikuntza jarreretan eta egiteko moldetan... Hain zuzen, eta hobetzeko ekarpen modura, ondo legoke jubilatuontzat tarifa murriztua jartzea.