Gipuzkoako Aldundian 4.0 moldean ari gara, hizkuntza gaietan ere bai. Legealdi hasieran esan genuen, diputatu nagusiaren ahotik, euskararen biziberritze prozesuan bidegurutze batera ailegatuta geundela; bide berriak elkarrekin bilatzeko ordua zen.
Horretan gabiltza, beste euskal administrazioekin eta euskararen gizarte erakundeekin batera pentsatzen: "Zer egin behar dugu diferente eraginkorrago izateko?".
Bi urte pasata, bilatze lanaren lehen emaitzak erakutsi nahi ditugu. Aurkezpena datorren astean egingo dugu Orona Galleryn, eta uda ondoren eskualdeetan ibiliko gara, tokiko eragileekin lankidetza sendotzen.
Aurrez, ostiral eguerdi honetan Udaltop jardunaldian agertu da 4.0 moldearen adierazle ezin argiagoa: Jaurlaritzako HPSk eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarrekin landu ondoren aurkeztu dute gizarte aktibazioan lankidetzan jarduteko lan ildo bat, epe luzekoa, erakunde publiko eta gizarteko guztiei zabalduko zaiena. Ona!