Oraingoan, ordea, markak hautsi ditugu, onerako. EAEko herri erakundeok badugu Hakoba izeneko gune bat euskararen inguruko lanak partekatzeko.
Bertan biltzen gara Jaurlaritza, hiru aldundiak, hiru hiriburuak, Eudel eta Uema; hau da, erakunde publiko guztiak. Bada, aurten Hakoban adostu genuen Euskararen Egunean adierazpen bateratu bat egingo genuela, eta saiatuko ginela ahalik eta erakunde eta eragile gehienen atxikimendua jasotzen. Eta berehala adostu genuen testu bat Zer egin dezaket nik euskararen alde? galderaren izenburupean.
Ederra izan zen joan den larunbatean Guggenheimen erakunde publiko guztiok batera aurkeztea dokumentua 500dik gorako atxikimendurekin, tartean Legebiltzarreko alderdi… guztiak! Hau seguruenik lehen aldiz. Asteon are ederragoa izan da nafar parlamentuak bat egin izana adierazpenarekin. Hau gertatu da lehen aldiz, seguru.
Hala ere, emaitzak ez nau harritu: gauza on asko ari da gertatzen euskararen bueltan, eta egia bihurtzen ari da euskarak batzen gaituela.