Elkarte berrituak estatutuak aldatu ditu, bazkide berriak onartu eta asteon adostu du bere zuzendaritza, alderdi guztiek aho batez, astelehenean berretsi dezan Elgoibarren bilduko den batzarrak.
Estatutu berrietan eginkizun hartzen du elkarteak euskararen sustapena. Nafarroan aldaketa ez zen soilik gobernuan gertatu, udaletan ere alderdi euskaltzaleak nagusitu ziren. Eta, ondorioz, euskaltzaleak nagusi dira baita ere nafar udalen eta kontzejuen federazioan.
Iparraldean, azkenik, udalek egunotan gainditu dituzte frantziar estatuak jarritako bi langak eta urte hasieran sortuko da guztiak bilduko dituen elkargoa; besteak beste, hizkuntza politikaren ardura ere izango duena.
Hara non, historikoki hain oparoa izan dugun udalgintzaren eskutik iristen zaigun euskararen lurraldea antolatzeko abagunea, udalen eta hauen elkarteen sareak osatuz eta sendotuz; non, lurralde sare horren gainean eraiki daitekeen euskararen herria; eta non, Euskal Herri politikoaren ordua iristen denean euskarak bere tokia hartua izan dezakeen.