Udal legea oraingoan onartuko balitz -eta bada garaia- udal eskumenen zerrenda finkatuko luke, eta hauei dagokien finantzazioa lotuko. Eta eskumen horien artean badira hizkuntza politikaren esparrukoak, gaurdaino Jaurlaritzak bakarrik zituenak. Bestalde, Eudelen gaineko akordioak erraztu egin lezake lankidetza handitzea Ueman ere, eta, horrela, udal administrazioetan euskararen normalizazioan jauzi indartsu bat egitea.
Oso pozik hartu ditut bi albisteak. Erabat sinesten dut tokiko aktibazioan, uste dut beharrezkoa dela komunitate gertukoa egituratuta egotea eta auzolanean aritzea plangintza eta egitasmo orokorrek eragina izateko. Eta euskararen tokiko sustapenean funtsezkoa da udalen ekarpena: hautetsien aginpidea, teknikarien ezagutza eta erakundearen baliabideak. Hori guztia gizarte ekimenarekin ondo uztartuta.
Gauza ona da udalak indartzea, lagungarria izan daiteke oso euskaltzaleak aktibatzeko. Euskararen aldeko tokiko lanetan garai onak datoz.