Sari ospetsu bat edonori datorkio ondo, baina are hobeto komunikazioaren beheko solairuan dabilen Debagoieneko multimediari. Batetik, erakusten duelako hurbileko komunikazioan aritzeak ez duela inor bigarren mailako bihurtzen eta lan lokalek izan dezaketela interes handiagoa ustez orokorrago diren askok baino. Eta bestetik, Goienaren irudiari mesede handia egiten diolako, pintada kutre haien kulpaz medioetan hara-hona ibili ondoren.
Poztu nau, baita ere, lanaren lanketak berak. Lehenik, komunitateko kide estimatu den Joxe Arantzabalek beste behin erakutsi duelako bere kazetari sena, antzeman duenean Jon Salaberriren historiak bazuela oraindik gaurkotasuna. Eta gero, Joxek hain ondo irun zuen idatzizko historia –Puntua-n irakurri genuena- Julenek bikain moldatu duelako ikus-entzunezkoen hizkerara.
Izan ere, Goiena puntaren puntan dabil komunikazio multimediaren bidean, seguruenik Euskal Herrian denik eta adibiderik garatuena da munduan nagusitzen ari den molde horrena. Hain zuzen, bertute hori azpimarratu dio Rikardo Arregi sariak. Animo!