Maritxu eta txikiteoa

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Irizar 2014ko urr. 3a, 09:03

Bete dira berriro Arrasateko kaleak jende dotorez. Neskak bereziki apaindu dira soineko tirantedunez eta orrazkera fantasiazkoez; mutilak oro har zozoago, ohiko traje eta gorbata ilunekin. Lehertu da dotorezia alkoholikoaren festa.

Gero eta goizago lehertu ere. Urte luzez iluntzean hasten zen festa afalaurreko txikiteoarekin, eta afalondoan luzatzen gosalordura arte. Azken boladan, ordea, bazkalaurrean hasten da, seguruenik ikasle kanpotarren eraginez. Gaupasa, hori bai, ezin barkatu.

Jai ikusgarria nahasten da zurrutaren apologiarekin. Dotore bai hasieran, baina jaia aurrera alkoholak gupida gabe zabartzen ditu soineko, gorbata eta orrazkerak. Kontua da denbora luzez ahal beste alkohol edatea, botilak erosi eta lurrean jarrita egiten den kale-zurrutean bezala. Zerikusi handirik ez jaiaren jatorriko txikiteo azkar, mugatu eta egunerokoarekin.

Ze pintxo-poteak bere eragina izan du, baina eguneroko txikiteoa azkenetan da. Esaterako, zenbatek daki Arrasaten zer zen txikiteroen buelta karlista? Eta gaurkora itzulita, nork esango zuen txikiteroek sortutako jaiak iraungo zuenik txikiteoa ia desagertu eta gero?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak