... gizartearen alderik txarrena. Ordutik honako tarte laburrean, gertakariak pilatu dira gai honen inguruan, eta egoera iraultzen hasi da. Eta Elgeta herri debagoiendarrak zerikusi handia izan du ziaboga horretan.
Ez zaizkit xehetasunak axola. Zaborraren gaineko eztabaida zakartu eta gaiztotu zenean, uko egin nion batzuen eta besteen tartean sartzeari, argudioak ez zirelako argudio baizik eta harrika jaurtitzeko dogmak. Argi daukat zein den oinarrizko planteamendua: ahalik eta zabor gutxien sortzea, eta hori lortzearen ardura denok partekatzea. Hortik aurrera, iruditzen zait kontu teknikoa dela moduak proposatzea, eta bizikidetza kontua dela soluziorik egokiena aukeratzea, malgutasunez eta adostasunez.
Hain zuzen, bizikidetzaren ikuspegitik goretsi nahi dut Elgetako akordioa. Xehetasunen gainetik, inporta zait alderdi guztien arteko akordioa, adostasuna lantzeko gaitasuna. Ze badakit kosta egin dela, eta horrek lortutakoaren meritua areagotzen du. Beste hainbat herritan ez bezala, Elgetako gainean gizartearen alderik onena azaleratu da.