Barru-barrutik, beraz. Eta eroso, On Prudentziori baizegokion egun horretan lan egitea, ez niri.
Barrutik ikusita, ederra izan zen Tobera. Iazkoaren aldean mugitua, elkarrizketa eta tiki-taka ugarirekin. Hasieran kezkatu egin nintzen, antzezleak motz geratuko ziren beldurrez. OnPru bera oso ondo ezagutzen dut eta badakit non dauden bere mugak. Baina gauzak txukun joan ziren eta antzezle oso onak ere bazeuden tartean.
Egia da formatuak eskatzen zituela elkarrizketa arinak, eta topiko ia guztiak erabili zirela gidoian. Agian testuek ez zuten iazko sendotasunik, han ideia gehiago zegoen, hizkera jasoagoa. Baina jendearen barreek eta txaloek argi erakusten dute hori dela bidea.
Tobera egonkortu egin da. Lehena izan zitekeen txiripa, bigarrenak erakutsi du ezetz. Ondo zaindu beharko da bide luzea egin dezan, arriskuak saihestuz.
Eta azken epaiaz bi hitz. OnPru oso legala da eta gidoiak zioena bota zuen. Baina ikusita pilotalekua beteta eta oinatiarrek erakutsi zuten aldartea –taula gainean eta harmailetan– argi daukat: Oñati irten zen Toberan garaile.