Eta lehen hilabeteetan lortu nuen abiada moteltzea, burua altxatzea eta kiloren bat galtzea. Baina uda aurreko eta osteko asteotan berriro azkartu da nire bizitzaren zirimola eta goien graduko urakanaren indarra hartu du. Baretuko al da ezer suntsitu baino lehen!
Udagoiena berez dago trinkoa: krisia eta murrizketak, hemengo hauteskundeak eta Kataluniakoak... Madrilgo presidentaren dimisio behartua gertatu eta bi egun soiletan estalita geratu da gaia bestelako zarata artean.
Baina nik dauzkat gainera: Topagunearen kongresu mardula azaroan eta haren aurreko prozesu parte-hartzailea; TOKIKOMen lehen ekimenak gauzatzea eta bazkide multzo berri baten sarrera; euskal hedabideen sektoreko elkarte berriaren eratzea; horiek guztiek eskatzen duten sukalde lana eta konspirazioa; eta ez dira falta agerraldi, mahai inguru, hitzaldi eta abarrak. Eta, primer, mahastia eta bihar –urriak 6– mahats batzearekin burutuko dugun urte osoko lana.
Jubilatu okupatuaren sindromea da. Bai, hasi naiz ni ere galdera errituala egiten:nola arraio hartzen nuen lehen astia lanera joateko?