Espainian sozialistek nabarmen galdu dute, eta aldapa gogorra datorkie hurrengo hilabeteetan.
Ez du, ordea, errazago irabazle nagusiak. Raxoik ondo irabazi du, Aznarren emaitzarik onena gaindituz. Eta horrek aukera ematen dio hainbat hipotekatik libratzeko, bereziki, euskal egoera berrian solaskide ganorazkoa izateko.
Baina krisiarekin zer egingo duen ez dakigu, eta, aldiz, argi dago kanpotik emandako enkarguak bete beharko dituela: murrizketak eta doikuntzak. Kanpainan ezagutu diren inkestek emaitza hau aurreratzen zuten, baina merkatuek ez diote horri inongo jaramonik egin.
Euskal Herriko emaitzak ezberdinak izan dira. Espainiako irabazlea izan da hemen galtzaile nabarmenena. Basagoitik nahi duena esango du, baina olatu espainiarraren erdian lehengo eserleku berdinekin geratzea ez da emaitza ona, inondik ere.
Amaiurrek finkatu egin du Bilduk hasi zuen bidea, eta emaitza oso onak izan ditu bere hautesleei gutxien interesatzen zaizkien hauteskundeetan. Taldea eta ahotsa izango du Madrilen, ea nola darabilen, iraganeko akatsetan erori gabe. Etxera begira, orotara, gainditu egin ditu EAJren botoak eta hegemonia disputatzeko hautagaitza aurkezten du.
Eta EAJk ere ondo bete ditu bere helburuak, taldeari eutsi eta Amaiurren bultzadari aurre egin dio EAEn. Azken boladan aginte gune asko galdu ditu eta emaitza honekin txukun samar joan daiteke barne hauteskundeen prozesura.
Emaitza oso esanguratsua Nafarroan, lehen aldiz bi diputatu abertzale eta arrazoia Geroa Bairen hautagaitza defendatu dutenei.
Argi dago, nafar soziologia berezia dela eta kontu handiz irakurri behar direla hango emaitzak.
Krisia ez da berehalakoan konponduko, baina beste gauza batzuk has daitezke itxura ona hartzen hemendik aurrera.