Xabik berak aukeratutako argazkiak eta diseinu grafikoak daude ikusgai.
Otero argazkilari hasi zen, duela 40 urte. Argia zuen tresna, euskal kultura gai nagusi eta gizakia helburu. Haren artxiboak baditu 70.000 argazki, milaka batzuk artelanak eta gehienak dokumentalak. Argazkiarekin batera diseinua landu zuen eta harenak dira 80ko hamarkadan famatu ziren hainbat logo eta horma-irudi.
Argazkiek eraman zuten liburugintzara eta baditu 200 inguru argitaratuak. Gehienak euskal kulturaren bueltakoak, esparru bakoitzeko adituen testuekin. Hain zuzen, aditu horiekin eraiki duen sareak eman dio Xabiri herrigintzarako sekulako tresna. Puntan ibili da Praileaitzeko altxorra gordetzeko borrokan eta hark bultzatu du berriki EHUn egin den jardunaldi bat euskaldunon jatorriaz.
Izan ere, azken gai honetan dabil murgilduta Xabi nazioarteko ikerlari ospetsuekin, ea gure iraganaz dagoen hipotesi interesgarri eta mesedegarri bat berresterik dagoen.
Erakusketan ez dago hori guztia, baina bai Xabiren bihotza. Abenduaren erdira arte duzu ikusteko aukera.