Estrategiari buruz, inoizko argien mintzatu ziren Bateragune epaiketan Arnaldo Otegi eta Rafa Diez bide soilik politikoen alde eta borroka armatuaren zamatik libratu beharraz. Eta, hitzetik ekintzara, Bilduri ardurak eta erabakiak hartzea tokatu zaionean ikusi ditugu ziabogaren onurak, Kutxa Bank egitasmoan nabarmen.
Badirudi ziabogaren azken kolpeak izango direla presoen posizionamendua eta erakunde armatuaren agurra, eta horiek burutzean etorriko dela helmugarako txanpa indartsua.
Beste trainerua, estatu espianiarra, ez da ziabogan hasi ere egin. Hainbeste errepikatuta norabide egokiarena, orain inork ez du adorerik esateko biratu beharra dagoela helmugara iristeko. Zaila, beste behin ere hauteskunde kanpainan egonda.
Eta ziaboga hasten ez duten bitartean lehengoak jarraitzen du, Bateraguneren epai ankerra adibide. Epaitegiak bahituta daude bunker politiko eta mediatikoaren eskutan eta lelo zaharrekin diraute, begi bistakoa ikusi gabe.
Kontua da ziaboga egin eta helmugara bidean jarri denak duela abantaila estropada irabazteko. Itsaso txarrenarekin ere.