Ba etorri da, hemen dago biharamuna. Atzoko emaitzek ez dute duda izpirik uzten.
Bilduren sarrera inork uste baino indartsuagoa izan da, EHren emaitza onena ere gainditu du. Gipuzkoan bereziki tokatzen zaio ardurak hartzea, are gehiago Debagoienean, Oñati ere iraultzea lortu ondoren. Baina koalizio bat besterik ez da, eta osagai nagusia independenteak dira. Ea Sortu azkar legeztatzen duten ezker abertzalea antolatze aldera. Aralar orokorrean ahuldu egin da gurdi horren bigarren idia izateko, baina Nafarroan zutabe garrantzitsua da.
Sozialistek jipoi dezentea jaso dute, nahiz Bizkaiko ezkerraldean txukun eutsi. Donostian Bilduk irabaztea oso mingarria izango zaie. Eta emaitza hauek Patxi Lopez bera ere ahultzen dute, honek ere diskurtsoa moldatu beharko du egoera berrira. Ze PP bere aliatuak ez baitu irabazi sozialistek galdutakoa, Araban salbu. Mapa berriak ez du indartu unionisten aliantza.
Jeltzaleek emaitza txukunak izan dituzte, Gipuzkoa kenduta. Hemen gertatu den iraultza ez da badaezpadakoa izan. Jarraitzen dute EAEn alderdirik bozkatuena izaten eta Bizkaian garaiezinak dira. Baina jaurlaritza galdu ondoren, gal ditzake Gipuzkoako eta Arabako aldundiak, uste dut mugituko dela hori gerta ez dadin.
Finean lau hankako mahai bat utzi dute hauteskunde hauek: ezker eta eskuin abertzaleak, ezker eta eskuin unionistak.
Baserritarrok badakigu zaldiek lau hanketatik bat altxa egiten dutela lo egiteko, hiru hanka beti daudelako orekan. Baina gure gizartea lau hankakoa da, aspaldian egin zaion argazkirik benetakoenak argi erakusten du hori. Ardura handia beharko da guztien aldetik egoera zail hau bideratzeko.
Hauteskunde gauean hitz zentzuzkoak entzun dizkiet ordezkari politikoei. Iraun dezala.