Bortxa forma guztiak eta mehatxuak errefusatu ditu, eta alderdi berria prestatzen ari da independentzia lortzeko bide politikoak soilik erabilita. Ikusteko dago zer egingo duen ETAk, alegia, nola erantzungo dien Brusela eta Gernikako enplazamenduei. Baina bada nahikoa zantzu itxaropenari eusteko.
Beste aldean, berriz, gero eta gotorrago daude jarrerak. Honezkero argi dago Jaurlaritzak eta Madrilgo Gobernuak ez dutela nahi Batasuna ohia legeztatuta maiatzeko hauteskundeetan. Bakegintzaren gainetik, lehentasuna eman diote aldundi eta udaletara Legebiltzarreko indar erlazioa eramateari, eta hori lortzeko ezinbestekoa dute milaka boto alferrik gal dadila. Lehengoez gain, legeari ertz berriak atera dizkiote, hauteskundeen ondoren ere hautetsiak eta botoak deuseztatu ahal izateko.
Hain zuzen ere, hortxe dago nire koska. Batasuna ohiak segi dezala gauzak ondo egiten; baina ez balu lortuko datorren maiatzerako hauteskundeetan legez parte hartzerik, bidera ditzala bere botoak balioa eta eragina izango duten tokira.