Zuhaitzek diote, koloreen hizkuntzan, uda ondoko aroan gaudela eta oraindik etortzekoak direla San Martinetako hego haizeak, txerri kurrinkak eta azken larrosak. Mahastiak ere aurtengo oporraldia eman digu, urte berriko kimaketa hasi arte.
Baina ez. Bat-batean ez dago arratsalderik, etxe barrua hoztu egin da eta negua heldu da, San Simon eta San Juda. Ez nuen asko uste, baserritartu nintzenean, halako tokia hartuko zuenik naturak nire bizitzan, aldartean eragiterainokoa.
Baina, pentsatzen jarrita, horixe bera dut orain kontsolamendu: alegia, Santalutzitan seguru hasiko dela arratsaldea berriro luzatzen.