PISAk zein pisu dauka?

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Muruamendiaraz Gutierrez

Azken egunotan PISAren emaitzek alarma soziala piztu dute gurean.

Datuek hautsak harrotu badituzte ere, hezkuntzan gabiltzanok ez gaituzte ezustean harrapatu. Egunotako eztabaida politiko-mediatikoak erpin asko ditu: pantailen erabilera, gelako irakurketa-denborak, hizkuntza-ereduak edota azterketa ama-hizkuntzan egitea, besteak beste.

Hizkuntzaren ulermeneko beherakada ez da sorpresa izan; Ikastolan irakasleek azken urteetan izan duten kezka partekatua izan da. Arazoa, ordea, ez dago ikasleengan bakarrik, hezkuntza gizartearen isla baita. Egunerokotasuna pantailen abiadurak markatzen du; ondorioz, irakurketa sakoneko momentuak asko murriztu dira, eta ulermenean zuzenean eragin du. Horri erantzuteko sortu genuen Marko Teknopedagogikoa, ebidentzia zientifikoetan oinarrituz, baliabide digitalak ikaskuntza hobetzeko asmoz erabiltzeko. Gelako irakurketa-denbora lasaiak bermatzeaz gain, irakurketa eta ulermenaren kalitatea hobetzeko gailu digitalen erabilera atzeratzeko eta doitzeko hautua ere egin dugu.

Bestalde, hizkuntza da eztabaidaren beste erpin garrantzitsua. Azterketa zein hizkuntzatan egin aukeratzeak emaitzetan eragin dezake. Baina hizkuntza menperatzea ezinbestekoa da ikaskuntzan. Egun, euskara menperatzen ez duten ikasleen kopuruak argi erakusten du euskarako irakaskuntza indartuz murgiltze-eredua birformulatu behar dela, eta gogotsu ari gara horretan gure Euskalduntasunaren Proiektuarekin.

Azkenik, argi izan behar dugu PISAk konpetentzia batzuk soilik eta modu jakin batean ebaluatzen dituela; diagnosiaren zati bat da. Guk ebaluazio-eredu integralago baten alde egiten dugu Ikastolan. Gure egitekoa ikasleak egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko ahalduntzea da. Egin dezagun bide hori elkarrekin: hezkuntza-eragileok, familiok eta gizarteak, Euskal Herriak behar duen jendartea eraikitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak