Gai horren harira, gurasook zein hezkuntzako hainbat profesionalok saretzea eta eragitea erabaki dugu, auzolanean. Horren adibide dugu guraso taldez osatutako Altxa Burua ekimenak Arrasaten otsailerako eta martxorako antolatu duen hitzaldi-zikloa.
Paraleloki, Ikastolan marko teknopedagogikoa garatzen ari gara. Markoa eraikitzea bera ikaskuntza-prozesu oso esanguratsua izaten ari da guretzat, eta teknologiaren erabilera arduratsu eta etikoranzko oinarriak finkatu nahi ditugu horren bitartez.
Gizartean gertatu den moduan, hezkuntzan ere gehiegizkoa izan da azken urte luzeotan egon den digitalizazioa, eta orain, batzuei eta besteoi hori guztia mahai gainean jartzea eta gure planteamenduen eta praktiken inguruko gogoeta sakona egitea dagokigu. Gurasoen kezka eta ekarpenak entzun eta aditu, aritu eta ebidentzietan oinarrituko den proposamen hezitzailea eraikitzeko helburuarekin, teknologiaren balio erantsia identifikatuko dugu, haur eta gazte digital koherente eta konpetenteak hezten laguntzeko.
Era berean, gure errealitate konplexutik abiatuta, eta gure mugen jabe izanik, Ikastolen Elkartearekin batera burujabetza teknologikorako pausoak ematea ere bada gure nahia eta asmoa.
Bide horri ekitea dagokigu, eta hala egingo dugu. Baina ezin dugu bidea bakarrik egin; ezinbestekoa da erronka horri, gizarteko beste hainbat erronkari bezala, elkarrekin erantzutea. Gure haurren eta nerabeen ohituretan eta praktiketan eragin ahal izateko, eragile guztion elkarlana eta konpromisoa behar dugu; familiarena eta hezkuntza formaleko eta ez-formaleko eragileona. Denok jarri behar baitugu gure etorkizuneko jendartea osatuko duten norbanakoen heziketan gure aletxoa.