FEDen hartzekodunen konkurtsoan izan ginen, eta ez zizkiguten gure aurrezkiak bueltatu.
Aurrezki haiek kooperatiban inbertitu genituen, interes baten truke, eta urteetan lagungarri izan ziren kooperatiba hobeto joan zedin, autofinantzazio bidez, eta, gainera, lanpostuak sortzen lagundu zuten. Horrek onura ekarri zion inguruneari, Arrasateri eta eskualdeari.
Gure arazoa konpontzeko bideak agortzen ari zirela ikusita, demanda bat jarri genion MCCri: 950 pertsona, 47,8 milioi euro eskatzen. Bideak aipatzen ditugunean, negoziazioaz, elkarrizketaz eta irtenbideaz ari gara. Horiek dira bide bakarrak kooperatibetan eta haietatik kanpo izan daitezkeen eztabaidak konpontzeko.
Gure aldarrikapenak aditzera egiteko, manifestazioak egiten ditugu, astero, Arrasaten eta beste leku batzuetan. Batzuetan, Ordainduren izenean; eta beste batzuetan, Eskuraturekin batera.
Horrez gain, Euskadiko hainbat erakunderekin batzartu gara: Eusko Jaurlaritzarekin, diputazioekin, udalekin, MCCrekin, Fagor Taldearekin... Ez dugu etsiko, gurea dena lortu arte.
Era berean, adierazpen askatasuna erabilita, hainbat propaganda-ekintza egiten ditugu: pankartak jarri, kartelak, prentsa-oharrak, eta abar. Planetako biztanle guztiek eta, bereziki, kooperatibistek eta haien enpresek errespetatu beharko luketen eskubidea da hori.
Bada, eguenean, hilaren 18an, 10:15ean, Ausolaguneko langile batek gure pankartak kendu zituen Aretxabaletako saihesbideko zubitik. Bueltatzeko eskatu genion, baina erantzun zigun bere nagusiaren agindua zuela ez bueltatzeko. Gure ustez, leku publikoez bidegabe jabetzea da hori, ezin justifikatuzkoa, eta adierazpen askatasunaren kontrako ekintza bat ere bai.
Idatzi honen helburua hauxe da: hartu beharreko neurriak hartzeko eskatzen dizuegu; izan ere, kooperatibismoaren barruan ezin dira demokraziaren eta elkarrizketaren aurkako joerak onartu. Ez ditugu onartuko gure kolektiboaren aurkako mota horretako erasoak.
Zuen erantzunaren zain. Agur bat, Ordainduren Zuzendaritza Batzordearen izenean.
----------
Mikel Olabe
(Ordaindu)
Arrasate