... aurkeztutako interesak eta eskaintzek, industri jarduerarekin jarraitzeko asmoz, erakusten dute denok genekiena: Fagorren eta Edesaren zati garrantzitsu bat zela eta dela bideragarria.
FED eta Edesa salbatzeko plana mahai gainean jarri zenean, FEDen zuzendaritzak, MCCren Kontseilu Orokorrak eta Batzorde Iraunkorrak eztabaidatu eta hasiera batean onartu zuten.
Bat egiten dugu Gipuzkoako ahaldun nagusiak esandakoarekin: kanpoko enpresentzat gure faktoriak bideragarriak badira, zergatik ez MCCrentzat?
Hala ere, hilabete batzuk igaro ondoren, goikoek, FEDen eta MCCkoen zuzendaritzakoek, inolako azalpenik eman gabe, azterlanik egin gabe eta kideei kontsultatu gabe, kontrako ebazpena hartu zuten: FED jausten utzi eta Donostiako Merkataritza Epaitegian FEDen likidazio-konkurtsoaren bideari hasiera eman izana.
Zer gertatu zen hain epe laburrean hau bezalako aldaketa izateko?
Gaur, ez kooperatibako kideei ezta gizarteari ere ez zaizkie ebazpen honen arrazoiak eman.
Argi gera dadila: zorigaiztoko ebatzi hau FEDeko eta Mondragon Korporazioko goikoek bakarrik hartu zuten, kooperatibako kideok baztertuz.
Orain, konkurtsoaren bidez eskubide eta aurrezki horiek ukatzen zaizkigu FED jausten uzteagatik, bere aktiboen balioa gutxitu egin delako. Beren balioa %66 jaitsi da: 800 milioi eurotik 272 milioi eurora.
Bien bitartean, Mondragon Korporazioa ibili da propaganda gezurtia eta maltzurra erabiltzen esanez FEDen langabeak birkokatzen ari dela.
Mondragon Korporazioari argi eta garbi esan nahi diogu: FEDen eta Edesaren likidazioarekin ez da arazo hau amaituko; haiek duten erantzukizuna ez da konkurtsoaren bidez zurituko eta irtenbide bat eman behar diote egoerari. Behin eta berriro exijituko diogu Mondragon Korporazioari guk kooperatibari utzitako dirua itzultzeko. Kontuan izan dezatela.
----------
Mikel Olabe eta Asun Gonzalez
Debagoiena