"Kontuz errepideetan, kotxea beharrezkoa izan ezik ez hartu…", halako mezuak entzun, entzuten ditugu. Baina bagoaz banaka batzuk, mendatean gora, trineo, eski, eskularru, txano, txamarra eta guzti.
Elurretan irrist egin ostean, etxerako bidean kotxean sartu eta elurra dezente mamitu da. Martxan jarri eta erroberak irristaka, errepide bazterra gero eta gertuago, gorantz datozen kotxeak noraezean, trabatuta… hau txokolatea! Neguko erruberak ipini behar nizkion!
Bihotza irten beharrean daukadala, hainbestetan entzun ditugun aholkuak gogorarazten saiatu naiz, bat-bateko azeleraziorik ez, martxa luzeak erabili, bolante kolpeak saihestu, frenoa ez zapaldu… baina horrela zelan demontre gidatuko dut? Irratia itzali, arnasa sakon hartu eta bagoaz maldan behera errepidean aurreko Land Roverrak utzi dituen arrastoak txintxo-txintxo jarraituz. Berandu bada ere, baten batek badaki errezatzen?