Zorionak, Danbaka!

Musika-zalea naiz eta beti izan naiz, nahiz eta adinagatik, esaterako, sasoi batean ikusten eta disfrutatzen nituen adina kontzertu ez ditudan gaur egun ikusten.

Edozelan ere, ahal dudanean egiten dut kuku bat hiriburuetako musika emanaldietara edo ingurura, dela Arrasateko gaztetxera, dela Bergarako kartzela zaharrera edo dela Oñatiko gaztelekura, besteak beste. 

Bide batez, eta komunikabide hau baliatuta, zoriondu egin nahi ditut areto horietan guztietan kontzertuak antolatzen dituztenak, baita Kooltur Ostegunak, Egubakoitzak Kartzelan eta mota horretako ekimenak programatzen dituztenak ere.

Baina, oraingoan, balioa eman nahi diot Danbaka Musika Lehiaketari. 

Izan ere, lehiaketa bat da, eta, akaso, horrek niretako dauka inportantzia gutxien, nahiz eta sariak ez diren zelanahikoak. 

Abesti sorta bat soinu onarekin eta kalitatez grabatzea beti da saria musika talde batendako; baita bideoklipa grabatzea ere, duda barik.

Baina, bereziki, nabarmendu nahi dut Danbakak ematen diela aukera eskualdeko musika sortzaileei; musikari gazteei, alegia. 

Kalitatezko agertoki batean, ondo antolatuta eta soinu eta irudiz bikain jasota. 

Ni neu ere Danbakan izan naiz, Bergara erdialdean, Seminarixoan, eta bertan asko disfrutatu dut Debagoieneko uzta berriarekin, eta, era berean, harrituta geratu naiz agertokiak eskaintzen dituen aukerekin, dauzkan baliabideekin eta Goienak bertan jarritako baliabideengatik. 

Antolakuntza ere bikaina iruditu zait. 

Gero, gainera, ikusi dut kontzertu bat edo beste Goienan.

Azpimarratu nahi dut, gainera, Seminarixoa ikusi dudala normalean ikusi ez dudan moduan: harmaila barik. 

Esaterako, Bilboko Kafe Antzokiaren eta Gasteizko Jimmy Jazz aretoaren antzera. 

Iruditzen zait Seminarixoa ez dela orain arte nahi beste erabili gisa horretako kontzertuak ikusteko: zutik, zerbeza bat eskuan. Ezin aproposago. 

Eta formatu horretan gehiagotan ikusi nahiko nuke.

Horrenbestez, luzaroan iraun dezala Danbaka Musika Lehiaketak. 

Zorionak Goienari eta Bergarako Udalari; azken horri, babestu eta lagundu egin duelako formatu horretan kontzertuak egitea Seminarixoan. 

Eta ea aurrerantzean ere gehiagotan egiten diren kontzertuak bertan, harmaila barik, tabernatxo batekin...

----------

Mikel Larrañaga

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak