Erakunde publikoek mugikortasun jasangarria bultzatzen diharduten garai honetan, zeinen ederra litzatekeen senitartekoak bisitatzera, erosketak egitera, bazkaltzera edo, besterik gabe, paseora joatea horren gertu dauden bi herrien artean.
Urteaga kaleko espaloia amaitzen denetik Aseginolaza tailerrera 400 metro dira, benetan puntu beltza eta oso arriskutsua bizikletan edo oinez igarotzeko. Sinestea kosta egiten bada ere, momentuz, ez da istripu larririk izan. Behin betiko oinezko bidea egingo da, ez dut zalantzarik. Baina bitartean?
Behin-behineko irtenbideak gauzatzea beharrezkoa da. Horrexegatik, Aitor (Bergarako alkatea), Beñardo (Antzuolako alkatea) eta Aintzane (Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura diputatua), elkarrekin 400 metro horiek paseoan egitera gonbidatu nahi zaituztet. Animatzen bazarete, Lapurzubira luzatu paseoa. Erraz, eta merke, aurkituko dituzue egin daitezkeen hobekuntzak erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.
Agian, erakunde gehiegi daude eskumenak eta ardurak elkarri leporatzeko. Baina eskuzabaltasun apur batekin bi herrien arteko oinezko bidea bultzatzeko aukera duzue. Herritarrok eskertuko dizuegu. Animo!
----------
Mikel Kerexeta Kortabarria
Antzuola