Bai, hautsak harrotu ditu PISAko emaitzen beherakadak. AArekiko mendekotasuna eta irakurtzeko gaitasunik eza agertzen dira eragile bezala. Beti izan dut kezka Bergarako zenbat gaztek irakurtzen duten GOIENA, eta, zer esanik ez, zutabe hau. Edo egunkaria. Edo liburu bat. Erantzuna guztion ahotan dagoela esango nuke: ia batere ez. Selektibitateko emaitzetan ere antzekoa ikusi genuen. Orduan, baina, zientzietan izandako emaitza kaskarrek ez zuten inolako garrantzirik izan, inor gutxi larritu zen fisikan izandako suspentsoengatik. Orain, Europako okerrenak gara. Pisako dorrea bera bezala.
Emaitzak kezkagarriak dira, eta beherakada Europa osoan gertatu dela ikusten dutenak itsu dabiltza. Pisako dorreak ez du erremediorik, baina nik badut esperantza gure hezkuntzako arduradunek aurkituko dutela erremedioa gure hezkuntza modeloa eraginkorrago bihurtu dadin. Bai zientzietan, bai irakurketan, bai euskara irakaskuntzan. Baina nik kezka bat dut: PISAko emaitzak inpugnatzea eska dezakegu?