Beheko plaza

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Goenaga 2026ko apirilaren 21a

Agian, gaztetxoago direnek zertaz ari naizen ere ez dute jakingo. 

Baina adin bat dugunok halaxe ezagutu izan dugu beti. Barrenkaleko lanak bukatu eta gero, beheko plaza eraberritzeko lanak etorriko dira. Eta ikusirik Barrenkaleko itxura aldaketa nolakoa izan den, guztiok gaude zain plaza nola geratuko den ikusteko. Nolabaiteko ilusioa sortu da, ikusmina. Ondare aldetik, Euskal Herriko plazarik ederrena dela esango nuke nik, bere etxe eder eta dotoreekin. Duda izpirik gabe. Baina baita tristeena ere. Kuadrillan goazenean, nahiz behetik gora nahiz goitik behera, inoiz ez gara bertan geratzen. Beti hutsik, edo ia hutsik, topatzen dugu. Ez Euskal Herriko beste plaza asko bezala, beti jendez lepo ikusten direnak, hurbiletik ere hain ederrak ez direnak.

Eta, egia esan, pasaleku da, geraleku baino gehiago, gure beheko plaza. Ez du bertan gelditzeko gonbite askorik luzatzen, ez du atraktiborik eskaintzen, zinera ez bagoaz, behintzat. Edo kanpoko lagunei erakusten ez badiegu. Gure beheko plaza ederra. Eta hori da nire desioa, ikusmina. Ea gure beheko plaza, noizbait, bilgune, geraleku, bihurtzen den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak