Baina Joan da Bitorianatxo idatzi beharko nuke, zuk, irakurle, hau leitzerakoan joana egongo da eta, herriko jaiak bezala. Berezia eta polita iruditu zait Bitorianatxoren komikia sortu izana.
Ez da egongo Bergaran inor Bitorianatxo nor zen ez dakienik. Baina otu zait ChatGPTri galdetzea, ea berak ote dakien. Eta hemen erantzuna: Bitorianatxo pertsonaia mitologiko eta kultural bat da, Bergarako (Gipuzkoa) Pentekoste jaietan protagonista den erraldoi bat. Harridura. Zeren jakin badakigu Bitorianatxo benetan bizi izan zen pertsonaia dela. Eta, era berean, amorrua, egon eza, tristura... halako zenbat irentsi ote ditugun konturatu gabe. ChatGPTk berak eman dit aukera gehiago ikasteko Bitorianatxori buruz. Baietz esan diot: Bitorianatxo emakume bakarti bat izan zen, duela mende bat baino gehiago Bergaran bizi zena. Gaitz erdi! Gero, bigarren aldiz galdetu diot gauza bera, eta erantzun zuzenagoa eman dit orduan. Honek ere, nik bezala, gauzak gaizki eginaz ikasten du.
Ikasi dezagun, ba, guk ere lehenengoan kasu ez egiten.