Eta han izan ginen gure kuadrillakoak. Aurten ere bai. Inork ez du zehazki gogoratzen zenbat urtetan igo izan garen: 40, 45...? Nik neuk ez dakit. Baina urteroko ohiturari eusten diogu. Aurreskua hasi aurretik, bertsotan honela kantatu zuten: "Nola aldatu den San Martzial". Eta aurreskua ikusten geundela, pentsatzen aritu izan nintzen nolakoa zen aurreskua lehen eta nolakoa den gaur egun; nola aldatu den emakumeen presentzia soka dantzan. Eta nola burutu den aldaketa, normaltasunez, zalapartarik gabe.
Eta hau pentsatzean, gogoratu nintzen badirela gure inguruan beste herri batzuk, non San Martzial eguna ospatzen duten baita. Distira eta zalaparta handiko jaiak dira. Oihartzun zabalekoak. Eta harritu egiten naiz nola han ez duten gauzatu hemen gauzatu dena. Gure San Martzial askoz ere xumeagoa izango da, zalaparta eta oihartzun gutxiagokoa. Baina normalagoa, berdintsuagoa. Arrazoi zuen bertsolariak: "Nola aldatu den San Martzial". Alarde handirik gabe.