Trantsizio energetikoa bultzatzea helburu duen kooperatiba. Beharrezkoa klima aldaketari aurre egiteko, gure neurri apalean. Baina itsasoan ur tanta bat besterik ez, oso gutxi gure klimak behar duenarekin alderatuta. Gure planetak askoz gehiago beharko du. Gorlako Igoeran, txirrindulariak animatzeko hainbat pintada ikusi nituen errepidean. Guztien artean, bat deigarria: Irimo ez! Gure paisaia defendatu nahi dugu, eta egitasmo horren bultzatzaile diren enpresen neurri gabeko irabaziek asaldatzen gaituzte. Menditik itzuli, etxeko argia piztu, eta dutxa bero bat hartu dut. Hara hor! Ni ere, neurri baten, enpresa erraldoiak aberasten.
Kezkatzen nau klima aldaketa negozio iturri bihurtzeak, eta gure paisaia eraldatzeak. Baina zorrotzegiak ote gara? Ez ote genioke eskura dugun teknologiari onura gehiago atera behar? Zeren badago are eta gehiago kezkatzen nauena: zer iritzi izango duten gutaz etorkizuneko belaunaldiek, gu gara-eta haien klima eta paisaia aldatzen ari garenak.