Txorbela, Arrasate Musikalekin

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Balantzategi 2023ko mar. 24a, 00:00

Duela astebete, Txorbela Otxoteak gogo biziz parte hartu zuen Arrasate Musikalek bere sorreraren 50. urteurrena ospatzeko antolatu zuen kontzertuan, Udal Pilotalekuan.

Gozamen hutsa izan zen agertokian musika eta ilusioa hainbeste ikasle eta ikasle ohirekin partekatu izana; izan ere, gaur egun Arrasaten egin daitekeen musika ez litzateke posible izango kontzertuan parte hartu genuen gehienok aurretik akademiako ikasgeletatik igaro izan ez bagina –haiek bai garai gogoangarriak…–.

Gure kasuan, Xabier Barriola zuzendaria bera, Arturo Goikoetxea piano-jotzailea eta abeslari gehientsuenok kantu edo instrumentu ikasleak izan ginen, eta zorretan geunden; gainera, aukera bikaina izan zuen harmailak goraino bete zituen publikoak hainbeste urtetan musika hezkuntzak Arrasateri eman dion eta ematen jarraituko dion ezinbesteko ekarpen kulturalaz ohartzeko. 

Bide honetan guztian lagundu duten gurasoei, ikasleei, irakasleei, kudeatzaileei eta abarri eskerrik beroenak; larunbatekoa bezalako jarduerek eta beste hainbat burutzeko egindako ahaleginak benetan merezi duela erakusten dute. Horregatik, Txorbela Otxotearen izenean, gure eskerrik zintzoenak eta zorionik beroenak.

Eta orain, jarraitzea da bidea. Egoitza berriak, proiektu nahiz erronka berriak eta etengabeko ilusioak etorkizun suspergarria ekarriko digute, baina ahalegina, babesa eta dedikazioa behar izango ditu aurrerantzean ere. 

Egitasmo honen partaide sentitzen garen guztiok gure hurrengo proiektuak prestatzen jarraitzen dugu. Txorbelak laster du erronka benetan garrantzitsua, Granadan; ondoren, ekainean jaien programa barruan emango duen kontzertuari helduko dio; eta gero, udazken eta negu garai benetan erakargarria, guztion gozagarri izatea espero duguna.

Izan ere, beste kantu-talde, instrumental eta abarretako kideek ere lan berean dihardute.
Txorbela Otxoteak gogo biziz zoriontzen ditu Arrasate Musikal, agertokietan partaide izaten ditugun guztiak, Artzamendi familia, zuzendaritza batzordeak, irakasleak, administratzaileak eta, ez berriki izandako kontzertuaren laguntzaileak soilik, baita etorkizunean Arrasaten musiken hezkuntza eta gozamena hobetzen jarraituko duten guztiak ere. Esker mila.

----------

Mikel Balantzategi

Txorbela Otxotearen izenean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak