Garai batean, euskaraz egote soila bermea izan zitekeen, ez honezkero. Ezta bergararrez egingo baneu be. Ortografia-akatsez bete ahalko nuke idatzia, baina horretan ere AAbila da makinatxoa. Badira balizko adimen artifizial detektagailuak, baina ez fidatu beraietaz, emaitza probabilistikoak ematen dituzte eta euskaraz, gainera, are fidagarritasun gutxiago daukate.
Zerbait pertsonala konta nezake, oso pertsonala, baina horrek ere ez luke ezer frogatuko. Izan ere, irakurleak nola jakin dezake pasarte hori niri benetan gertatu zaidan, asmatutakoa den, edo makinari kontatu diodan, hark niretzat txukundu dezan. Bideoa grabatu dezaket idazketa prozesu osoa jasotzeko eta QR-kode bat atxiki artikulu bazterrean, tapp erosoan, denon erakusgai egoteko. Baina horrek ere arazoak aurkeztuko lituzke irakurle mesfidatienentzat.
Eta, hala ere, hemen nabil, irakurlea konbentzitu guran: horrek ere zerbait esan nahi du, ala? Agian, testu honen helburua ez da ezer ziurtatzea. Agian, helburua zalantza sortzea da, duda-muda, ezbaia, durduza. Nik idatzi dudala esaten badizut, sinetsi egin behar didazu?
Eta hor izan daiteke gakoa, nire izenean zer sinatzeko gai naizen, testuak ordezkatzen nauen edo ba al den nire zatitxo bat 1.800 karaktere hauen atzean –espazioak barne–. Ageri den naizen honen zerbait letra eta hitz emari labur honen baitan, bere iturria dena delakoa izanda ere.
Aurrekoan, eskuineko atzamar erakuslea bular parean luzatzen aurkitu nuen neure burua, aitaren egiteko dantzaren lehendabiziko keinua. Hor nonbait garun-enborretik bulkada elektrikoa atzamar puntaraino, katekesi garaitik errepikatu gabea. Sinetsi nahi dudala (dugula?) esan nahiko nuke, zerbaitetan, besteengan, norberarengan.
Zeinen zaila den.