Neguko Olinpiar Jokoak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Azkarate-askatsua Blazquez 2026ko martxoaren 17a

Gutxitan joan naiz elurretara; bospasei aldiz izango nintzen eskiatzen.

Lehendabizikoz joan nintzenean, nerabezaroan, bigarren baby aldapa-jaitsieran galdu egin nintzen eta goiz osoa eman nuen bakarrik, lagunen bila, eskiatzen jakin gabe behera eta gora –batez ere, behera; lurrera, alegia–. Aurreragoko beste batean, elur-haizetea zela-eta zorabiatu egiten nintzen aldapan behera, dena zuri ikusita, eta kafetegiko leihotik begira eman nuen eski-eguna behar zuena. Bueno, bi trazotan nire bizitzaren sintesia.

Agian, horregatik, esplikatzeko zaila da neguko kirolak telebistatik ikusteak sortzen didan zirrara. Nostalgia izango da, agian? Txikitako eta gaztetako oroitzapenak? Ondoegi zahartu ez den Alberto Tombaren erakustaldiak, izotz gaineko patinatzaileen axel arrunt eta bikoitzak gurasoen etxeko sofatik, urteberriko eski-saltoak Gabon zaharretako parrandaren zaporearekin. Apur bat gehiago pentsatuta, baliteke azalpen sakonxeago bat ere izatea, negu gorriaren gorrienean udakoa beharko lukeen parentesia irekitzearena.

Bereziki disfrutatu ditut ezagutzen ez nituen probak, snowboardaren hamaika aldaerak, abiadura-probak edo, egia esanda, telebista piztu eta parean tokatu zaidan dena delako izotz edo elur gaineko erokeria. Badagoelako zerbait ederra hotza, bustia eta iluna behar lukeenetik txinpartatxoa ateratzean.

Horrelako batean, Oriol Cardona deritzon kataluniarrari –urrea irabazi baino ordubete lehenago jakin nuen haren eta beraren mendiko eski modalitatearen existentziaz– elkarrizketa egin zion Espainiako telebistako kazetari emozionatu batek, domina irabazi berritan. Ikusten ari nintzela, munduko lanbide ederrena iruditu zitzaidan kazetariarena. Bazkaltzen amaitu, eta telelanean jarraitu nuen ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak