Batera aurreztea

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Azkarate-askatsua Blazquez 2025eko azaroaren 23a

Herritar arruntari –horrelakorik balego– geroz eta zailago egiten zaio aurreztea eta horretarako bitartekoak ulertzea, ohiko eskemetan gutxienez eta inflazioari aurre egiteko beste.

Begiratu azkar batean, aurrezte sistema tradizionaltzat geneuzkanak, hala pentsio publikoak –ordezkatze tasa txikiagatik– nola etxebizitza –prezio altuak eta soldata arrakala direla eta–, ez daude egoera baikorrenean eta inflazioak %2-3-ko tendentziarekin jarraituko duela dirudi.

Bada nolabaiteko bultzada bat inbertitzera: bankura joz gero, gordailuek nahikoa ematen ez dutela eta inbertsio-plana edo bonuak aurkeztuko dizkizute. Gobernuak BGAE edo pentsio-plan pribatu bat kontratatzera animatuko zaitu errenta-aitorpeneko hobari mamitsuarekin. Baina plan horien atzean merkatua dago eta zure dirua zein helburutara doan jakitea ez da erraza. Aukeraren batzuk badira –ez gehiegi– nolabaiteko ingurumen edo gizarte-ezaugarriekiko jasagarritasuna bermatzen dutenak, baina oso gutxitan funtsaren %50ean baino gehiago eta gainditzen dutenean kudeaketa-komisioak jango dizu errentagarritasunaren pusketa handiena.

Arduratzekoa da horrekin batera sare sozialetatik datorren zarata: kriptodirua, online broker-ak, askatasun finantzarioa eta abar. Liberalismoak lur aberatsa aurkitu du indibidualismoa eta kapitalismoa inoiz baino zuriago zabaltzeko.

Alternatibak xumeak dira eta gehienetan ez daude oso agerian. Aipatzekoak dira bailaran Ekiola –Leintz Bailaran– eta Berener –Bergaran– ekimenak: kolektiboak, jasangarritasuna jomugan eta kontsumorako ez ezik inbertsiorako ere baliagarriak, errentagarritasun argi batekin. Bi ekimenak bazkide berrien bila dabiltza; hortaz, aurreztea pentsatzen ari bazara, gainontzeko aukera guztiekin batera kontuan izan ditzakezun beste bi. Etor bitez halako gehiago aukera liberalei kontrapuntu egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak