Berrogei esaera

Euskaldunok badugu hogeinaka kontatzeko tradizio bat, eskuko atzamarrak soilik baliatu beharrean oinetako behatzak ere erabiltzekoa.

Horrela balitz, bigarrenez luzatu dut ezker oineko behatz txikiena bi aldiz hogei zenbatu eta berrogei urteak betetzeko. Bada esaera bat dioena berrogei urteak beteta inolako minik gabe esnatzea seinale txarra dela. Beste batzuek diote berrogeiak hogeita hamar berriak direla. Mutur bien artean izan beharko du egiak, ziurrenik.

Esaerak esaera, gutxi gorabehera bizitza erdia bete dudana gauza ziurra da, edo horrela diote, gutxienez, estatistikek; izan ere, 83 urte eta erdikoa da batez besteko bizi-itxaropena gizonezkoentzat gure erkidegoan –bi urte eta erdi gehiago emakumezkoentzat–. Epe erdiak momentu aproposak direla diote balantzerako eta gogoetarako, egindakoei zaporea hartu eta egingo –edo egiteke– ditugunei ekiteko.

Idazten duen honek irribarre batekin gogoratzen ditu lehen erdian egoki egindakoak eta lotsagorritu egiten da gogoan dituen akatsekin; honaino ekarri gaituzte azken horiek ere, ez da gutxi. 

Betetzeko dagoen bigarren erdiak, aldiz, bestelako antsietate bat sortzen dio, indarrek nahi duen guztia egiteko emango ote dioten zalantza edo eraikitakoa babesteko beharra. Denborak esango du. Futbolariek partidu garrantzitsuen aurrera diotena aplikatu behar: %110 eman, defentsan ondo jarri eta aurkariak baino gol bat gehiago sartu –aurkaria gure lehenengo berrogei urteetako gu gaztea izanik, noski–.

Bada ere gure aberria gure garaia dela dioenik; besarkada bat, beraz, berrogei urteak bete berri edo betetzear dituzten adinkide edo aberrikideei. Eta atsotitz zaharrak dioen moduan, gogoratu: Berrogei urtez gero, ibili gorputza bero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak