Itxurazko adimenari

Idatzi, mesedez, 1.800 karaktereko iritzi artikulua eskualdeko astekarirako –espazioak barne–.

Tituluak 31 karaktere baino gutxiago izan behar ditu. Gaia: teknologiaren erabilera.

Estilo aldetik jasoa izan dadila. Sartu hitz handiputz samar batzuk, jukutria, holistiko edo estilokoak. Metaforaren bat ere erabili; igarri dadila kaxako pospolo distiratsuenak idazten duela –edo argi-nahi batek, bederen–. Jator antolatu esaldiak, luzeekin ongi ulertu beharreko ideiak lotu eta sortu txinparta noizean behin esaldiak laburtuz. Ez dadila askotik igarri. Eta zast. Zast.

Gaiaren garapenari dagokionez, adierazi teknologia eta berarekin dugun harremana gizakia bezain zaharra dela. Hein handian, teknologia garela. Puntako teknologia zirela garai batean harri zorroztua edo apropos piztutako sua. Suari begira nola begiratzen geniola telebistari eta sakelako telefonoa darabilgula atzamar artean xaflak atera berri dizkiogun suharria bezala.

Laugarren paragrafoan erronkei buruz idatzi. Sare sozialak, pantaila-orduak, nerabeak eta osasun mentala. Betiko enpresa zein lanpostuak, digitalizazioa eta automatizazioa. Eta, zergatik ez, esan zerbait teknologia arrakalaz. Garatu apur bat gehiago, azken erronka bezala, gizakia eta teknologia banatzearena. Pausatu erritmoa hemen. Duela gutxira arte, erraza zen jakitea non amaitzen zen harria eta non hasten zen besoa. Zer zen gizatiarra eta zer artifiziala. Erreala ala jukutria birtuala.

Ez dizut idazteko eskatuko, baina pentsatu, guztia dakizun hori: nola babestuko dugun gure esentzia teknologiarekiko geroz eta menpekoago den gizartean. Zein eragin izango duen gure identitatean edo gure arteko harremanetan. Amaitzeko, umorea txertatu, hitz-jokoren bat, neurtitz burutsua. Galdegin ea nork idatzi duen hau eta norentzat. Nor den zilbor hemen eta nor ziborg.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak