Osasun mentalaz

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Azkarate-askatsua Blazquez 2023ko ots. 25a, 00:00

Sokari tira egin. Po-po-po-po-po... 

Hala egiten du desbrozadorearen bi aldiko motorrak: erregaia bildu lehenengo, ostean eztanda egin eta aiztoa birarazteko. Jantzi arnesa, eskularruak eta kareta belarritakoduna; heldulekuko katutxoari eraginda ulertuko duzu... Braaaam! Leun doa metalezko disko zorrotza lehendabiziko belar altuak etzan bitartean, ebaketaren lurrin freskoa lagun.

Bazterretako sasiek ezarriko diote lehendabiziko proba. Azpian sartu diskoa trabatzen ez den artean, gora eta behera egin sasia itxiegi bada. Usain ederra du sasi hautsak ere; aproposa izerdiarena estaltzeko. Alde batera utzi desbrozadorea eta egin tira sasi luzeenei, sustraia ateratzeraino. Sugarren hotsa egiten dute arantzek elkarren aurka.

Erdi-lanetarako joko duzu lehen harria eta txinparta egingo du aiztoak. Zortekoa zu, soroa ureztatzeko hodietako bat aurretik eramaten ez baduzu. Metalezko zorrotza ez doa dagoeneko horren leun, kamustu da apur bat. Atzamar erakuslea eta hatz potoloa ere kexaka dituzu, pintza egiteaz gogaituta. Lehortu zaizu zintzurra. Itzali desbrozadorea.

Ni bezala kalekumea bazara, amaitu aurretik sartuko zaizu ahuldadea, amaitzeko presa. Hartu atseden; horrelako lanek uste duzunaren hirukoitza behar dute, gutxienez. Edan, etzan, azala bistan jarri. Biak, eguzkia hartu eta hartu arnas.

Lizar gaztea duzu aldamenean. Behar ez duten lekuan hazteko bertutea dute lizarrek; desbrozadoreak aurretik eramateko sendoegi. Itzal ederra ere ematen dute udan; izango duzu denbora motozerra erosteko, lasai. Fruta-arbolaren bat ere ageri da; gozagarriago beti. Ezagutu zure lurra, satorrak eta sator-pilak. Zer sartu erabaki eta hartu iezaiozu neurria baratzeari; gomendioa: txikitik hasi eta eman basoari soberan duzuna.

Loratuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak