Eta mugitzen hasi da...

Barkatuko didazu... ordurako denboraz justu samar nenbilen, baina... iritzi-zutabea idaztera nindoanean ordenagailua idazmahaitik altxatu eta bere kabuz mugitzen hasi da.

Korrika jarraitu diot eta lortu dut besoak luzatuta esaldi traketsen bat idaztea. Konturatzerako, bazkaltzeko ordua egin zait.

Eguneko menua eskatu dut jatetxean. Ez didazu sinetsiko: eseri orduko, platera ere mahaitik altxatu eta mugitzen hasi da. Bergaran antxintxika egiten dugunez, koilara hartu eta hala egin dut haren atzetik. Iruditu zait postreari segika ere bazebilela gizon gorbatadunen bat; zer esango dizut, baina… ez nago ziur… saiatu zara inoiz ihesean dabilen arrain-zopa platerkada jaten?

Bazkalostean, ordenagailuari jarraika esprint pare bat baino ezin izan dut egin, eta alaba ikastolan jasotzeko ordua zela ohartu naiz. Zain nuen alaba ikastolako atarian, muturra oker, irakaslea aldamenean. Ilundu aurretik, alabari jarraika arineketan iritsi naiz ziburu-parkera.

Haurrak haurrekin jolasean lasai zebiltzala, zutaberako ohar batzuk sakelako telefonoan hartzea erabaki dut. Eta bai: galtzetatik atera aurretik, ospa egin du smartphoneak. Ez nintzen bakarra. Konturatu naiz guraso asko ere –gehienak, esango nuke– sakelakoaren atzetik korrika genbiltzala. Whatsapp, Idealista, Candy Crush… Nik, gutxienez, benetako aitzakia nuen: ditxosozko iritzi-artikulu hau. Spoiler-a: atzamar erakusleko agujetak izanagatik ez dut askorik aurreratu.

Etxeratzean, nekatuta nengoenez, emaztea alabaren eta afariaren pertsekuzioan utzi eta oheratzea erabaki dut. Ez nuen oheari segika lokartzeko esperantza handirik, baina neurria hartu diot korrikaldiari eta hankei eragiten hartu nau loak.

Garai modernoetako presaz eta utzikeriaz irakurri zenezan idatzi nahi nizun gaur, baina, deskuiduan, PUNTUA ere eskuetatik altxatu zaizu...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak