Zenbat buru...

Konturatzerako pasa dira ia zazpi urte Goienako PUNTUAn lehendabizikoa idatzi nuenetik. Eskerrik asko, Jon, Leire, Eneko eta Imanol, urte hauetan botatakoak jaso eta argitaratzeagatik. Teknologiaz eta komunikazioaz idaztea zen aitzakia, baina aitortzen dut perbertitu egin dudala sekzio hori makinatxo bat aldiz.

Izan ere, ez da erraza ohiturarik ez duenarentzat burutazioa ordenatu eta testura ekartzea, hiruzpalau hilabetean behin bada ere. Helduleku aproposa aurkitzeak denbora darama, eta, behin inpultsua hartzean, idazten duen honi erraz ahazten zitzaion sekzioaren gaia emaitzarekin konforme geldituz gero.

Gai aldrebesak ekarri zalea naiz, gainera, estilo aldrebesagoan. Aurpegiratu didate hori behin baino gehiagotan batek baino gehiagok: ez zaidala ulertzen, gai ponposoez bakarrik idazten dudala… Pronostikoen aurka, bada esandakoak gustura irakurri dituen despistaturik ere. Horrela balitz zuretzat ere, mesedez, esan, estatistikak berdintze aldera.

Sekzioa estreinatzen dudan honetan, iritzia ematea da baldintza bakarra, edozertaz, libre. Eta gezurra badirudi ere, inoiz baino gehiago kostatu zait karaktere helburura iristea. Egia izango da obrarik ederrenak baldintzatuenak direla, zentzura, aurrekontu eta norberaren limitazioak saihestuta erditutakoak.

Nire iritziz, ederra da herritarra idazten jartzea; nolabait, aktibatzea, gai baten inguruan pentsaraztea, hiztegira kontsultan eramatea, azken erremate bati bueltak ematen ipintzea. Eta plazera da postontzia irekitzea, orriak pasa eta punturen batean zurea irakurtzea. Izango da gustatuko ez zaionik, baita, zorte apur batekin, kalean agurtu eta irribarre batekin irakurri duela esango dizunik ere.

Badirelako esan beharreko asko eta horiek esan behar dituzten beste horrenbeste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak