Sanchez Ostarkun

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Arregi Askasibar

Duela gutxi jakin nuen Ostarku dantzalekua meskita bihurtuko dutela.

Garai berrien adierazle, otoitzek lekukoa hartu diote bere garaian gainbehera parrandistikoen topaleku zenari. Hondartzetan hiltzen diren baleek bezala, inertziaz bukatzen genuen han, alkoholaren indarrez, sobran zegoen azken tragoa zintzurretik behera bota arte. 

Sanchezek Ceutan izan duen jokabideak Ostarkun jasaten genituen buru astuntasun eta mingain korapiloak gogoratu dizkit. Espainiako Gobernuko presidenteak berandu eta trakets jokatu du. Lau astez desagertuta izan zen, oporretan, gogoratu baitu berak ere atsedenerako eskubidea duela. Inork ez dio hori ukatuko, baina deigarria da ikusita krisi larrien erantzuna izan dela bere gobernuen ikur nagusietako bat. Pandemiari, Palmako sumendiari, Ukrainako gerraren aurrean egindakoak Sanchezen aldarrikapen nagusiak izan dira beti.

Orain, aldiz, guztiz kontrakoa da. Bere anaiaren eta emaztearen kontrako oldarraldi judizialek min egin diote eta legealdiko azken hilabeteetara nekatuta iritsi da, guztiz lehertuta. Hauteskundeetara arteko denbora hau sobran duela esango nuke, guk bere garaian Ostarkun hartzen genuen azken zerbeza horren gisara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak