Horren lekuko izan naiz azken asteotan Hegoafrikan. Apartheidaren erregimena bukatu eta hiru hamarkada geroago, zurien eta beltzen arteko arrakalak bizirik dirau, nahiz eta aurrerapauso nabarmenak eman diren. Muturreko pobrezia ia guztiz desagertu da, eta, tentsio arrazista baretuta, Hegoafrikak nazioartean rol garrantzitsua jokatzea lortu du BRICS aliantzaren barruan.
Hala ere, nekez irudikatu daiteke zuriak eta beltzak parez pare biziko diren etorkizuna, apartheidak botatako sustraiak sakonegiak baitira, gurean frankismoarenak bezalaxe.
Diktadore zaharraren oinordekoek euskaldunon kontra gogor diraute Francok guztia ondo lotuta utzi zuela gogoratzeko. Egin dezakeenak egin dezala, euskaraz ez dakiten ikasleen gutxiegiak indargabetzeko edo euskara eskakizunen kontra egiteko.
Egoera honetan, ospatzekoa da EAJk eta EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea onartzeko berriki itxi duten akordioa, elementu erreakzionarioen aurrean herri gisa erantzuteko ordua baita. Diktaduren egiturak desegiteko, borondatea, elkarlana eta denbora behar dira. Hegoafrikan bezala, baita Euskal Herrian ere.