Intentzio nabarmenez betetako esaldia Kneecap pelikulako pasarte esanguratsuenetako bat da. Filmak izen bereko musika taldearen gorabeherak erakusten ditu. Gaelera ikur, letra eta intentzio politikoz beteta, Kneecap mundu mailako fenomeno kultural eta politikoa bihurtu da. Egunotan Bilbon izan dira, Europan egiten ari diren biran geldialdia eginda.
Euskal Herrian, bitartean, euskal musikaren egoera oso bestelakoa da. Fermin Muguruzak amorruz egin du salaketa Etxepare Institutuak berriki eman dion sariaren banaketa ekitaldian. Jaurlaritzak ETS taldeari Madrilen eta Bartzelonan emandako kontzertuengatik 300.000 euro eman izana salatu zuen, beste 47 talderi emandako laguntzak 175.000 besterik ez zela gogoratuta.
ETSren bertsioa da beharrezkoa zutela diru hori bi kontzertutan eskainitako ikuskizuna bideratzeko. Bada, egun horietan dozena bat lagunek haien sarrerak eskaini izanak piztu zizkidan susmoak berehala argitu zitzaizkidan, kontzertuan ikusleei emandako zapian Petronorren eta Kutxabanken publizitatea ikusita. "Lana ematearen truke fideltasuna eskatzea da gure egunerokoa", esan zidan behin batek. Euskadin rock-and-rollak ez omen du dirurik emanen. Eskerrak.