Colle Alen 31 urteko Informatika irakaslea segurtasun-kontrolak korrikan pasa eta Trump presidenteari eraso egiten saiatu da. Soinean pistola bat eta eskopeta bat eta zenbait labana zituen, eta segurtasun-indarrek atxilo hartu bezain pronto esan dute Trump hiltzeko asmoa zuela.
Presidentea hiltzen saiatzen diren hirugarren aldia da hau. Aurrekoetan, ustezko erasotzailea aurrez atxilotzea lortu zuten: Floridako golf-zelai baten presidenteari tiro egin aurretik; eta, momentuz, gertuen izan zen beste saiakeran, poliziak erasotzailea hil zuen, hark Trumpi tiro egin eta berehala.
Aurrekoetan bezala, hirugarren saiakera honen ostean ere zalantzak zabaldu dira. Nola ez zuten Kaliforniatik Washingtonera bidaia egindako erasotzailearen berririk izan? Nola liteke Trumpen bozemaileak afari aurretik tiroak izango zirela iragartzea? Airean geratuko diren galderak dira.
Misterioaren gainetik, baina, argi dago presidenteak atentatuekin Real Madrilek epaileekin baino zorte handiagoa duela. Kasualitatez edo, eraso hau Trumpen ospe maila inoizko baxuena denean etorri da, eta susmoa daukat Kennedyren edo Reaganen arrastoa jarraitu beharrean Trumpek Bartolinen estrategia daramala karguari eusten jarraitzeko.