Eraso zitala, Estatu Batuek negoziazio mahaian Iranekin akordioa gertu zuten momentuan etorri baita.
Azken bi asteetan denetarik izan da. Irango Minab herriko ikastetxe baten misil estatubatuar batek hildako 175 umeak, Israelek Teherango petrolio biltegiei eraso egin ostean sortutako euri azidoa edo Irango agintari gorenaren, Ali Jameneiren, hilketa, esaterako. Iranen erantzuna, noski, bortitza izan da, eta, Israelekiko erasoak areagotzeaz gain, inguruko emir-herriak ere jo ditu.
Ormuzko itsasartea itxita, petrolioaren prezioak ikaragarri egin du gora eta munduko ekonomiaren etorkizuna, hamarkada honetan hirugarrenez pandemiaren eta Ukrainako gerraren ostean, mehatxupean dago, beste behin.
Gerrak ziurgabetasuna hedatu duen bitartean, baina, azken urteotako eskarmentuagatik, beharbada, kezka gutxi sumatzen dut inguruan. Bakoitzak gurean jarraitzen dugu, egunerokoan murgilduta kanpotik datorren zaratari entzungor. Erresilientzia eredu? Ezezkoan nago. Datorkigunaz jabe, bizitza zukutzen ari garela uste dut, besterik gabe. Titanic-eko orkestraren pare.