Gurean, azken honen kontrako herri mugimenduak oihartzun zabala izan du azken hamarkadetan, eta, Udalatx azpiko tunela kenduta gainontzeko lanak aspaldi amaitu ziren arren, ez dago trenak laster ikusteko arrastorik.
Aldirien inguruan, aldiz, Debagoienean ez da haren inguruko albisterik izan 1967an Vasco-Navarro trena itxi zutenetik. Gaiaren inguruko ikerketa egin duen Javi Bujanda lagunak dio bere itxiera Francok gure bailara zigortzeko hartutako erabaki politikoa izan zela. Egiari zor, orduko alkate frankistek egin zuten trena mantentzeko ahaleginen bat, baina helburua lortu ez eta trenbide eta geltokiak desagertu egin ziren.
Abiadura handiko trena kritikatzeko arrazoi franko izan arren deigarria da hamarkada luzeotan aldiriak berreskuratzeko saiakerarik egin ez izana bailaran, batez ere eskualdeko garraio publikoaren egoera ikusita. Beste lagun batek kontatu zidan bere aitak egunero trenez egiten zuela Gatzagatik Arrasateko eskola profesionalerako bidea, mendi artetik; gaur zientzia fikziozko dirudien zerbait. Batzuetan uste dut atzera goazela, karramarroen tankeran. Zer pentsa ematen du.